Donostia.eus - [Berria] Etxebizitzen irisgarritasuna izango da lehentasuna eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko

Logo Ayuntamiento

Etxebizitzen irisgarritasuna izango da lehentasuna eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko

Baliabide publikoak modu eraginkorragoan eta espezialitate handiagoz erabiltzeko asmoz.


Enrique Ramosek azaldu duenez, “hirigintzako eta etxebizitzako legediak berak etxebizitzen irisgarritasun unibertsala jotzen du birgaitze ekintzen ardatz nagusitzat. Azterlan ugarik erakusten dute etxebizitzak irisgarri ez izatearen ondorioak, neurri batean, ikusezinak direla eta isilarazita daudela, arlo hori pribatutzat jotzen dela eta. Hala ere, adinean sartuta dauden edo mugikortasun arazoren bat duten pertsona asko preso daude etxean, eta horrek eragin larria du haien bizimoduan, bai autonomia aldetik eta bizitza duinaren aldetik, bai eta horrek ekarriko duen kostu sozialaren aldetik ere; izan ere, kostu ekonomiko handiko askoz ere zerbitzu publiko gehiago behar dituzte. Etxebizitzaren irisgarritasun arazoak eragin handia du arlo sozial, ekonomiko eta politikoan, eta merezi du jorratzea, etorkizuna ondo planifikatu ahal izateko".

Hori dela eta –adierazi du Enrique Ramosek–, Udalak, Donostiako Etxegintzaren bidez, azterlan zehatz bat egin du Donostiako eraikinen irisgarritasun egoerari buruz, halakorik ez duten eraikinetan elementu irisgarriak jartzea sustatzeko.

Azterlan horren arabera, Donostian 15.000 etxebizitza inguru daude igogailurik gabeko erkidegoetan, eta guztira 30.000 pertsona inguru bizi dira etxe horietan. Horietatik askok 60 urtetik gora dituzte. Horrexegatik jotzen da hain garrantzizkotzat une hauetan birgaitze politikan egin beharreko ahaleginak irisgarritasun arazoak konpontzera bideratzea, goragailuak jartzea sustatuz lehentasunezko ildo estrategiko gisa.

Horiek hala, “bizitegi eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak nola eman arautzen duen udal ordenantza berriak Hirigintzako atalaren nahi hori jasotzen du, hau da, birgaitze jardueretan jartzea ahalegina, goragailuak jartzea sustatuz lehentasunezko ildo estrategiko gisa. Horrek esan nahi du diru-laguntzak, nagusiki, halako jardueretarako emango direla".

Ahaleginak irisgarritasunean jartzeaz gain, udal araudi berriak proposatzen du beste jarduera osagarri batzuk diruz laguntzeko modukoak izatea aurrerantzean ere, hala nola: kanpoko zureria aldatzea, premiazko eraikinen ikuskapen teknikoen ondoriozko lanak egitea eta etxebizitza hutsen alokairua sustatzea. Diru laguntza horiek aurreikusita zeuden lehen ere, baina, hemendik aurrera, ugaritu egingo dira.

Udal ordenantza berriak dakarren beste berritasun bat proposatzen duen prozedura da: diru-laguntzen araudi orokorrarekin bat, nahitaez egin beharko da diru-laguntzen deialdi bat, erabilgarri dagoen aurrekontu kredituaren arabera. Deialdi horretan, eskaerak aurkezteko epea zein den zehaztuko da eta ez da izango epe irekirik, ekitaldi osoa hartzen duenik.

Prozedura berria



Horrez gain, zentzuzkotzat jo da beste aurreikuspen hau kentzea ere: ekitaldi batean osatu diren baina aurrekontu faltagatik ebatzi ez diren espedienteak hurrengoan ebatzi ahal izatea, baldin eta hartarako aurrekonturik badago. Izan ere, azaldu den bezala, esperientziak erakutsi du horrek disfuntzio handiak sortzen dituela eta atzerapenak dakartzala obretan. Horren xedea da diru-laguntzak bere eginkizun nagusia betetzea, alegia, jarduera ekonomikoa eta birgaitze jarduera sustatzea.

Zinegotziaren iritziz, “oraingo ordenantzarekin une oro dago irekia laguntzak lortzeko aukera, aldi baterako epe preklusiborik eta aurrekontu mugarik jarri gabe; alabaina, frogatuta dago hori argiro kaltegarria izan daitekeela, kontrako efektua lor daitekeenez gero: eskatzaileak obraren hasiera atzeratzea, harik eta diru laguntza izango duen edo ez jakin arte. Horrek epea izugarri luzatzea dakar, eta jarduera ekonomikoa sustatu beharrean, hala behar denean, kontrako xedea lortzen da".

2017/04/21-an argitaratua