Donostia.eus - [Berria] Egia-k irabazi ditu Gaztelekuen arteko VII. Olinpiadak

Logo Ayuntamiento

Egia-k irabazi ditu Gaztelekuen arteko VII. Olinpiadak

Donostiako Gaztelekuetako 70 gazte baino gehiago elkartu dira Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolako kirolgunean olinpiadan parte hartzeko.

Donostiako Gaztelekuek egun handia bizi izan dute gaur Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolako kirolgunean. Bertan, egin dituzte Gaztelekuen arteko VII. Olinpiadak. Ekimena goizeko 10:30ean hasi da eta arratsaldeko 15:30 arte iraun du. Tartean, gazteek hainbat kirol egiteko aukera izan dute.

Egia-ko Gaztelekuak irabazi du aurtengo edizioa, Martuteneko Gaztelekuarekin lehia estua izan ondoren, hain zuzen ere, bi puntuko aldeko lehia estua. Hala ere, nork irabazi duen gutxienekoa da, izan ere, Olinpiadak segidako helburua du: nerabeen artean bizitza ohitura osasuntsuak – alegia, kirola, ariketa fisikoa eta elikadura osasungarria – sustatzea eta parte hartzearen heziketa bultzatzea.

Guztira, Donostiako 8 Gaztelekuetako 70 gazte baino gehiagok hartu dute parte, hain zuzen ere, 13 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek. Haiekin batera, Gaztelekuetako hezitzaileak izan dira ekimena dinamizatzen.

Aurten, gazteeek Kin-ball, Arrauna, Gynkana eta Oh my got izeneko kirolak praktikatu dituzte eta frutaz osaturiko hamaiketakoa dastatzeko aukera izan dute. Donostiako Udaleko Gazteria Saileko Gaztelekuen arduradun Rafa Buitronek azaldu duenez, helburua da opor egun hauetan gazteek kirolaren bidez ondo pasatzea eta, bide batez, Gaztelekuetan hainbeste lantzen ditugun balioak praktikan jartzea.

Gainera, sari banaketan parte hartu dute, Donostiako Udaleko zinegotzi Jon Insaustik, eta Kaiarriba Donostiarra Arraun elkarteko presidente Alberto Lopezek. Biek kirola egitearen garrantziaz mintzatu dira eta Donostiako Gaztelekuek arlo horretan egiten duten lana goraipatu dute. Garaikurra banatzearekin batera, hainbat kirol-material (besteak beste, talde ezberdinetako materiala) eta sarrerak (GBCren gaurko partidarako eta Bera Bera Eskubaloiko hurrengo partidarako) zozketatu dituzte.


2017/04/21-an argitaratua